Guri buruz
Nafarroako Ezker Batua mugimendu politiko, sozial eta kultural bat da, izaera antikapitalista duena, eta politikoki eta juridikoki beregaina den erakunde batean gorpuzten dena, Izquierda Unidari federatua. Sistema kapitalista eraldatzea du helburu Nafarroako Ezker Batuak, alor ekonomiko, sozial eta politikoan, eta baita patriarkatua gainditzea ere, sistema sozialista bat erdiesteko, justiziaren, berdintasunaren, askatasunaren, elkartasunaren, internazionalismoaren, demokrazia parte-hartzailearen eta naturaren babesaren printzipio demokratikoetan oinarritua. Zuzenbide estatu sozial eta demokratiko errepublikano, laiko, federal, plurinazional, berde eta solidario baten araberakoa izanen den sistema sozialista bat lortu nahi dugu.
Afiliatuek dute erabakimena Nafarroako Ezker Batuan, IUN-NEBen Batzarraren bidez. Batzarrak biltzen eta ordezkatzen du IUN-NEBen nagusi den pentsaera, eta herri bakoitzeko batzarrek horretarako hautatutako ordezkariek osatzen dute, une horretan indarrean dagoen araudiaren arabera. Parte hartzeko bide zuzenen bitartez ere erabakitzen dute militanteek, zuzendaritza-organoak eta kargu publikoak sufragio unibertsalaren bidez aukeratzean eta kontsulta eta erreferendumenetan; betiere, militante ororen benetako aukera berdintasuna bermatuta.
Gure historia
1986ko apirilaren 29an osatu zen Nafarroako Ezker Batua, eta urte horretako ekainaren 22ko hauteskunde orokorretan hartu zuen parte. Hauteskunde horietan botoen %1,6 baino ez zuen eskuratu. 1987ko ekaineko foru eta udal hauteskundeetara ere aurkeztu zituen hautagaitzak EBk. Ez zuen Nafarroako parlamenturako ordezkaririk erdietsi, bozken %1,39 eskuratu arren, baina udal hauteskundeetan zazpi zinegotzi lortu zituen bost udalerritan. Europako parlamentua aukeratzeko 1989ko ekaineko hauteskundeetan hasi zen nabaritzen Nafarroako Ezker Batuaren goranzko joera, botoen % 3,19 lortu baitzuen.
Ezker Batuaren I. Batzar Nagusiak abiarazitako prozesuan, hauteskunde-koalizioa mugimendu sozial eta politikoa bilakatzeko prozesuan, hain zuzen ere, Nafarroako Ezker Batuaren Kontseilu Politikoa osatu zen 1989ko maiatzean, Nafarroako Ezker Batuaren I. Batzar Nagusia deitzeko xedez. 1989ko irailaren 16an elkartu zen batzar hori, eta Nafarroako Foru Komunitateko Ezker Batuko federazioa sortu zen.
Batzar Nagusi hartan, I.an, 1989ko urriko hauteskunde orokorretara aurkeztuko ziren hautagaitzak ere onartu ziren, eta nahiz eta diputaturik ez erdietsi, agerian gelditu zen erakundea hazten ari zela, bozken %3,91 lortu baitzuen.
1990eko urrian egin zuen Nafarroako Ezker Batuak II. Batzar Nagusia, erakundea sendotzen ari zela erakutsi zuena eta koordinatzaile orokorraren kargua sortzea erabaki zuena. Martin Landa izan zen kargu horretarako hautatua. Munta handiko erabaki bat ere hartu zen batzar horretan: EAEko eta Nafarroako komunitateen arteko senidetasun historikora itzultzeko elkarlan politiko eta ekonomikoaren aldekoa izan arren, EBk ez zuen Nafarroa EAEn sartzeko inolako planteamendurik babestuko, EAEn indarrean dagoen autonomia estatutuak ezartzen duen bidea baliatuta.
1991ko maiatzean foru eta udal hauteskundeak izan ziren; Nafarroako Ezker Batuak botoen %4,07 eskuratu zuen, eta bi ordezkari lortu zituen Nafarroako Foru Parlamentuan: Felix Taberna eta Martin Landa. Halaber, hamabi zinegotzi erdietsi zituen, horietako bat, lehenengoz, Iruñeko Udalean.
1992ko abenduan egin zuen III. Batzarra Nafarroako Ezker Batuak. Batzorde Eragilean alderdi politikoek ez zuten ordezkaririk jadanik, afiliatuek hautatua baitzen. Felix Taberna aukeratu zuten koordinatzaile orokor.
Nafarroako Parlamentuko 1995eko maiatzeko hauteskundeetan, bozken %9,43 eta bost parlamentari lortu zituen EBk: Felix Taberna, Martin Landa, Pablo Lorente, Ion Erro Armendariz eta Jose Miguel Nuin Moreno. Udal hauteskundeetan, berriz, 49 zinegotzi erdietsi zituen, 24 udalerritan, tartean Zangozako eta Orkoiengo alkateak, eta Ezker Batua Iruñeko Udalaren Gobernu Batzordean sartu zen.
1996ko martxoko hauteskunde orokorretan, bozken %12,45 bereganatu zuen Ezker Batuaren Nafarroako hautagaitzak, eta Julian Fernandez hautatu zuten diputatu. Hil berean, Nafarroako EBren IV. Batzarra egin zen, eta Felix Taberna berriz izendatu zuten koordinatzaile orokor. 1997ko otsailean Pablo Lorente parlamentariak dimisioa eman zuen, erakundearen ildo politikoarekin ados ez zegoelako, eta Isabel Arboniesek ordezkatu zuen parlamentuan.
1999ko ekaineko foru hauteskundeetan, Nafarroako Ezker Batuak botoen %6,88 eskuratu zuen, eta hiru parlamentari lortu zituen: Felix Taberna, Jose Miguel Nuin eta Isabel Arbonies. Udal hauteskundeetan, bozken %5,99 lortu zuten EBren hautagaitzek, 40 zinegotzi, 24 udalerritan, eta Ribaforadako eta Orkoiengo alkatetzak. Europako Parlamentua osatzeko egun bereko hauteskundeetan, berriz, Nafarroako Ezker Batuaren hautagaitzak bozken %5,4 erdietsi zuen.
1999ko abenduan egin zen V. Batzarra, eta Felix Taberna hautatu zuen berriz batzarrak koordinatzaile orokor. Bestalde, erakundearen izena aurrerantzean zein izanen zen erabaki zen: Izquierda Unida de Navarra-Nafarroako Ezker Batua.
2003ko maiatzeko foru hauteskundeetan, emaitzak hobetu zituen NEBek, botoen %8,77 eta lau parlamentari erdietsi baitzituen: Felix Taberna, Jose Miguel Nuin, Ana Figueras eta Miguel Izu. Udal hauteskundeetan, berriz, 43 zinegotzi lortu zituen, tartean Orkoiengo alkatea. Gainera, udal gehiagotako gobernu batzordeetan sartzea lortu zen.
2004ko otsailean egin zen NEBen VI. Batzarra, eta Ion Erro hautatu zen koordinatzaile orokor bilkura horretan.
2007ko maiatzaren 27ko foru hauteskundeetan, 14.337 boto eta bi parlamentari lortu zituen Nafarroako Ezker Batuak: Ion Erro eta Ana Figueras. Egun bereko udal hauteskundeetan, berriz, 12.220 bozka eta 21 zinegotzi, 17 udalerritan.
2007ko azaroan, VII. Batzarra egin zuen NEBek, eta Jose Miguel Nuin hautatu zen koordinatzaile orokor.
2010eko otsailean, NEBen VIII. Batzarrean, Jose Miguel Nuin berretsi zen bere karguan, eta hurrengo foru hauteskundeetarako ezkerreko bilgune bat eratzea onartu zen. Handik hilabete batzuetara, urte hartako abenduan, NEBen Kontseilu Politikoak Batzarrerekiko koalizio-akordioa onetsi zuen, eta Plataforma Navarra por el Cambio eta Los Verdes-Grupo Verde taldeek koalizio horrekin bat egitean Izquierda-Ezkerra koalizioa osatu zen.
2011ko foru hauteskundeetan koalizio berriak 18.407 boto erdietsi zituen (bozken %5,7), eta hiru ordezkari igorri zituen Nafarroako Foru Parlamentura: Nafarroako Ezker Batuko kide Jose Miguel Nuin eta Marisa de Simon eta Batzarreko Txema Mauleon. Egun bereko udal hauteskundeetan Nafarroako Ezker Batuak bultzatutako hautagaitzek 24 zinegotzi lortu zituzten.
2013ko ekainean egin zen NEBen IX. Batzarra, eta berriz ere Jose Miguel Nuin hautatu zuten bertaratuek koordinatzaile orokor.
2015eko maiatzeko foru hauteskundeetan Izquierda-Ezkerra koalizioak boto kopuruan behera egin zuen (12.482 bozka, botoen %3,76), eta bi parlamentari lortu ziren, Jose Miguel Nuin eta Marisa de Simon, biak ala biak NEBeko kideak. Udal hauteskundeetan, 28 zinegotzi lortu zituen Nafarroako Ezker Batuak, tartean Tuterako eta Castejongo alkatetzak.
2016ko ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan, NEBek babesten zuen Unidos Podemos koalizioko Iñaki Bernal senatari hautatu zuten.
2017ko otsailean egin zen NEBen X. Batzarra. Batzar horrek, lehenengoz, emakumezko bat aukeratu zuen koordinatzaile orokor: Marisa de Simon.
2019ko maiatzeko foru hauteskundeetan Izquierda-Ezkerra koalizioak 10.472 bozka erdietsi zituen, eta ordezkari bakarra, Marisa de Simon. Egun bereko udal hauteskundeetan NEBek parte hartzen zuen hautagaitzek 21 zinegotzi lortu zituzten, Castejongo alkatetza barne.